Nortzuk garen

Zuzenbidearen Euskal Akademia sortu zen, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Biltzar Orokor Ez-ohikoak 2002. urteko azaroaren 29an egindako proposamenaren ondorioz. Proposamen hori aho batez onetsi zen.

Nortasun juridikoarekin eratu zen, 2003. urteko ekainaren 9an egiletsitako agiriaren bidez. Une horretan, bazkide sustatzaileek euren karguak utzi zituzten eta lehenengo zuzendaritza-batza eratu zen.

HELBURUAK

Estatutuetako 2. artikuluaren arabera, Akademiaren helburuetatik bat da zientzia juridikoak, eta, bereziki, euskal zuzenbidearekin zerikusia dutenak, aztertu, ikertu eta zabaltzea, betiere abiaburu moduan hartuta Espainiako Konstituzioa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutua, autonomia-erkidegoko eta foru-erakundeetako organoek emandako arauak, doktrina juridikoa, aplikatzeko moduko jurisprudentzia, eta indarrean dauden usadio eta ohitura tradizionalak.

Europako zuzenbidea lehentasuneko helburua da gure ikasketetan. Horregatik, Europarentzako Konstituzio bat onartzen duen itunaren proposamena dela medio, zuzendaritza-batzak aho bateko adierazpena egin zuen. Adierazpen horri eutsiz, Akademiaren asmoa da, orobat, Europako erakundeak eta zuzenbidea aztertzea eta beraren jarduera horretara zuzentzea.

BALIABIDEAK

Helburu hori erdiesteko, Akademiak mota guztietako ikerketak, jardunaldiak eta lan-saioak egin eta sustatuko ditu, eta, hala denean, bere kideek edo gizabanako, erakunde nahiz lan-taldeek lortutako lanak eta emaitzak argitaratuko ditu, baldin eta horiek lagungarri gertatzen badira euskal zuzenbidea hobeto ezagutu eta aplikatzeko (estatutuetako 2. artikuluaren bigarren lerrokada).

AKADEMIAKO KIDEAK

Akademia honen kide izan daitezke zuzenbideko doktore, lizentziadun eta gradudun guztiak, baldin eta horretarako eskaria egiten badiote zuzendaritza-batzari. Kideok eskubide guztiak izango dituzte, euren eginbeharrak betetzen dituzten bitartean. Urteko kuota hirurogei eurokoa da.

AKADEMIAREN EGOITZA

Bilbao Bizkaia Kutxak gure esku jarri du Bilboko Errekalde zumardiaren zortzigarren zenbakian dagoen lokal handi bat, eta bertan jarri da Akademiaren egoitza.

FINANTZAKETA

Guztien ahaleginari esker, abian jarri da Akademia. Erabakigarri gertatu da Bizkaiko Foru Aldundiak emandako laguntza. Izan ere, aldundiak, 2004. urtean, gure jarduerak finantzatu zituen, berrogeita hamar mila eurorekin. BBKren laguntza, gure egoitza den lokala laga eta atonduz, nabarmentzekoa da orobat.