Zuzenbidearen Euskal Akademiak bere baitara biltzen ditu egungo gizarteaz kezkatuta agertzen diren euskal legelari guztiak, gizarte hori abian baitago gero eta konplexuagoa den etorkizun baten bila. Jakin badakigu garai berriek arau-sistema berriak behar dituztela. Horrekin batera, garai berriotan nahitaezkoa da hausnarketa berriak egitea, eta horretarako prest agertzen dira Akademiako kideak.
Gure leloa bat dator Europar Batasunak duenarekin:
Zuzenbidearen inguruko borroka ez da agortzen zuzendaritzako erakunde batean. Haatik, borroka horri heldu behar zaio Europako bazter guztietatik, baita usadio eta ohitura desberdinak dituzten horietatik ere. Ziur gaude, gure arloan bizitza juridikoa bideratzeko gauza bagara, Europa handiago eta zuzenago bat egiten lagunduko dugula.
Zuzenbidearen Euskal Akademiak helburu du Europako zuzenbidea egitea Bizkaitik, Arabatik, Gipuzkoatik, Euskal Herritik eta Europatik.
Bizkaiko lanbide-erakundeek gozotasunez hartu dute Akademiaren sorrera. Lanbide-elkarterik garrantzitsuenek (Bilboko Abokatutzaren Bazkuneak, Notarioen Elkargoak, Euskadiko Ordezkaritza ,Jabetza eta Merkataritza Erregistratzaileen Elkargoak eta Prokuradoreen Elkargoak) atsegin handiz hartu zuten Akademiaren agertzea, akademia honek gure bizitza juridikoaren hutsune esanguratsua betetzen zuelako. Erakunde horiek, gainera, finantza-laguntza eman dute, eta laguntza hori ezinbestekoa izan da Akademia abian jartzeko. Horrekin batera, lankidetza pertsonala eskaini dute, hori ere beharrezkoa, eta euren lokalak eskaini dizkigute, biltzarrak eta lan-saioak egiteko.
Euskal Herriko Auzitegi Nagusiaren Gobernu Batzak, 2003. urteko apirilaren 11n bilduta, adierazi zuen akademia hau bultzatu beharreko ekimena dela.
Bide beretik hartu gaituzte Deustuko Unibertsitateko zuzenbide Fakultateko dekanoak, eta Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganberako Lehendakariak.